Testuak



munduaz blai

txorrota itxi eta katu bat entzun
nonbait
gauez eta nik ez dut katurik
kaleko atea ireki eta iluna besterik ez
ez da perla diztiratsurik, ez da saturnoren ilargirik
eskailerak jeitsi ditut dena den
eta sotoko atea ireki
ez dabil inor kalean
ezta katurik ere
eta euri jasa ari du
ez dute maite euria katuek
pausu bat eman eta euripean
blai, euripean
katurik ez baina haren gonbitea
munduaz blai etor hadi

eta itzultzean, eskaileretako putzu eta abar
atea ixten entzun dut
ni kanpoan geratu naiz
katua ikusi dut leihoaren bestaldetik sofan eserita
leihoari begira, euriari begira
munduaz blai


norbere ahots

denok egingo genuen noizbait
guretzako ahots proba bat
gure ahotsa entzuteko beharra sentituko genuen
hor darraiela ziurtatzeko
luzez isilik egon ostean edo
ardura sakon batek hartuta

agian
gela batetan bakarrik egonda aa esatea
izan daiteke bertan gaudela eta izan bagarela
ziurtatzeko modu bakarra

eso es ser niño

mirar un charco y el reflejo roto de la ciudad
introducir el dedo en el agua turbia
ver como los edificios se hunden
las nubes se empapan y los pájaros pican el anzuelo
ahora escuchar el agua al escurrir por su mano
y amplificarlo a mil, un millón de trillones de veces
con la suela del zapato plis
los dos piés después
pisando semáforos subimos la escalera de los sueños
cruzamos la frontera sin visados
feliz al girar la cabeza y mirar el mundo por los pies
las reglas del revés
y al salir aún embriagados
decir mira mamá

beti ailleurs

eguna jantzi eta argiak zulatzen dira
gaua erori eta tximeletak mozkortzen
garaiak esanak dira baina beti harrapatzen naute pausu berriz
oin planta estreinatzeke
hurrengo zola planifikatuz
amestuz edo airez iltzatuz

ez dut asmatzen zuloa harian
eta zuloz ari naiz josten bigarren azala
airea metatzen zait zuloetan
isiltasun zikin honen zuloetan
hitzaren esklabu metatzen zait hatsa zuloetan

ixten ditut leihoak ez entzuteko besteak
eta mundua iluntzen denean baino ez da agertzen nire islada kristalean
biluzten zait eguna
nahiz ta bertan egon
beti ailleurs da iluna

dena da huts hori, dena
dena litzake halaber isiltasuna
edozein soinu, edozein karrask edo ele
eta isil denak oro esan lezake
edo gorrak dena entzun ala imagina
inoiz izan ez denak dena du izateke
baina
pausu berriek zein lur asmatuko
zein goiza gau honek
zer leiho horrek
begira dudan hutsal infinitu horrek

gaua du zintzilik zuhaitzak eta beste guztiak
isiltasuna dio kilkerrak eta
islada bat itsatsi zait iraganean

zabor kamioia

gizon bat dabil jaki bila
merkatu honek ez du txanda panelik
self service- a da
plastiko poltsak txikitzen dabil barrualdea arakatzeko
lurrean eserita bi kontenedore berdeen itzalean
tomate bat du alboan, eta banana azala
ez du hotsik baina
ez dute hotsik ateratzen plastiko horiek
ez dago zaratarik inguruan
mundua mutu zaio
mututu gatzaizkio mundua
hogei mila kortxeako isilunea gara aldi berean jota

ez dugu pausua geratu, keinu bat eta joder
eta hurrengo ixkina gainditzerakoan kotxe baten motor hots zatarrak
edo zabor kamioiaren pi pi piak
edo nork daki, jabier muguruzarena zirudien kantu batek
itzuli diote soinu banda mundu gorrari

katu urdin bat

zaharren egoitzaren atzeko atetik atera dute
gurpildun karro baten gainean hilotza
ez zegoen asko irudikatu beharrik
han zen gorpu bilakatuta
zorro urdin dizdiratsuak estalita
haragi eta hezur guztien multzoa
bi gizonek atera dute parkinera ematen duen atetik
gipuzkoako hileta zerbitzua zioen furgonetara
berdin izan zitezkeen bi igeltsero
paretako zuloa tapatzeko lanak luzatu zaizkie
eta iluna da bukatzerako
erraminta jaso eta etxerako bidea hartzeko tenorean
haien kontuetaz mintzatzen dira zorro urdina garraiatzen dutela
gorpu forma ezin ebidenteagoa duen zorroa
ez dute izkutatu beharrik
ez da gertatu krimenik bertan

gero etxera bidean katu zuri bat zegoen balkoi bateko barandilan etzanda
katu ile luze zuri bat
lasai etzanda
hari begira geratu naiz
irudi hari karga poetikoa, erantzuna
aurretik ikusitakoarekin nolabaiteko erlazioa
bilatu nahiean
ez du
ez du karga poetikorik
pentsatu dut eta etxera joan naiz

katua urdina izan balitz sikiera

itsasoa da marinelaren isiltasuna

itsasoa da marinelaren isiltasuna

No hay comentarios:

Publicar un comentario